Irura UEMA mankomunitateko kide da.
Ernioaldea Udaltaldea
Joan zen 2004ko urriaren 18an Ernioaldeko Udaltalde 21a eratzeko eta garatzeko hitzarmena sinatu zen Villabonan . Ondorengo partaideek sinatu zuten hitzarmena: Eusko Jaurlaritzak ( IHOBE Ingurumen Jarduketako Sozietate Publikoaren bitartez) Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Eramangarrirako Departamentuak, Tolosaldeko Mankomunitateak eta Tolosa Eskualdeko zazpi udalek ( Aduna, Asteasu, Anoeta, Hernialde, Irura, Villabona eta Zizurkil ).
Ingurumena eta iraunkortasunaren auziei irtenbide orokorra eman nahi bazaie, tokian tokiko ekimenak martxan jarri behar dira, biziraupena eta ingurumenarekiko errespetua lortzeko, zuzentasuna eta justizia sozialari eusteko eta azkenik ekonomiaren oreka lortzeko. Hori dela eta euskal udalerrietan Tokiko Agenda 21 abian jartzea lehentasuna bilakatu da 2002-2020 Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrataegian zehazten ari den Euskadiko ingurumen politikarentzat.
Aduna, Anoeta, Asteasu, Hernialde, Irura, Villabona eta Zizurkileko Udalek herriko eta herritarren bizi kalitatea bermatzen jarraitzeko, herrian giza, ekonomia eta ingurumenaren artean oreka bat lortzea beharrezkoa dela ikusten dute. Horregatik iraunkortasunaren aldeko apustua egin dute Tokiko Agenda 21 prozesua taldean abian jarriz. Udaltaldea , bere izena dioen bezala, hainbat udalerrik osatzen duten lan-taldea da eta Tokiko Agenda 21 ezartzea du helburu. Horrela, udalek talde lanaren abantailak aprobetxatzen dituzte, elkarren artean Tokiko Agenda 21 prozesuari buruzko informazioa eta esperientziak elkarraldatuz.
ZER DA ORDEA TOKIKO AGENDA 21?
Tokiko Agenda 21 udal-agintariek herrian iraunkortasuna lortzeko sustatu eta garatzen duten Ekintza Plana da, 21 mendean sortu eta jarraitu beharreko plana. Hortik bere izena, Tokiko (udalerrikoa delako), Agenda (iraunkortasunaren alde gauzatu beharreko plana delako) eta 21, (21 mendeko plana delako).
Nondik dator Tokiko Agenda 21aren kontzeptua eta Filosofia?
Rio de Janeiron (Brasil, 1992ko ekaina) egin zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentzian edo “Lurreko Goi-bilera”-tik dator kontzeptua. Gailur horretan “Agenda 21” (edo Programa 21) onartu zen, eta bertan herri agintariak herriarengandik gertuen dauden agintariak direnez jendea iraunkortasunaren alde hezteko eta mobilizatzeko garaian funtzio oso garrantzitsua dutela adierazten da.
Hitzarmen honetatik abiatuta, hainbat politika eta programa garatu ziren, eta munduko milaka herri-agintarik Tokiko Agenda 21en prozesuan inplikarazi zituen. Prozesu horretan gidaritza Europak izan du eta, bereziki, 1994an Aalborgen (Danimarkan) Europako Hiri Jasangarrien Lehen Konferentzia ospatu zenean. Konferentzi honen ondoren, Aalborgeko gutuna izeneko dokumentu bat sortzen da. Dokumentu hau sinatzen duen udalak herrian iraunkortasunaren alde lan egiteko konpromezua hartzen du. Aduna, Anoeta, Asteasu, Hernialde, Irura, Villabona eta Zizurkileko Udalek, beren konpromisoa sendotzeko Aalborgeko gutuna sinatuko dute datorren maiatzaren 30ean, Euskal Herriko Iraunkortasunerako Konpromezuarekin batera, Tolosaldeko Mankomunitatean arratsaldeko 18:30tan.
Nola ezartzen da Tokiko Agenda 21 Prozesu bat?
Tokiko Agenda 21 prozesuak bi urrats nagusi ditu bereziki:
1.-Diagnostikoa:Herria eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko herriaren egoera zein den jakin behar da. Horretarako ingurumen, ekonomia eta giza diagnostiko bat egin behar da.
2.-Ekintza Plana: Diagnostikotik herriko egoera zein den jakinda herriaren etorkizuna eraikitzen lagunduko duen plana diseinatu behar da.
Bi urrats horietan herritarren eta herriko giza, ekonomia eta ingurumen eragileen partehartzea beharrezkoa izango da. Alde batetik inkesta baten bidez herritarrek herriari buruz daukaten aurriritzia jasoko da.
Bestalde, ERNIOALDEA Udaltalde 21eko Informazio gunea sortuko da ekainetik aurrera: Zerbitzu honen bitartez herritarrek eta giza, ekonomi eta ingurumen eragileek herriari buruz daukaten iritzia azaldu eta Tokiko Agenda 21 prozesuari buruzko informazioa, galderak eta iradokizunak azaltzeko aukera izango dute. Telefono zenbakia: 943692536
Guzti horrekin batera, herritarrek parte hartzeko HERRI BATZARRAK antolatuko dira aipatu herri guztietan. Herri Batzar hauetan herriko diagnostikoan eta ekintza planean parte hartzeko aukera izango dute, beren iritziak azalduz.
Prozesu hau hobekuntza jarraikiko prozesu bat denez, denen parte-hartzea funtsezkoa izango dela azpimarratu behar da. Beraz, hemendik aurrera Tokiko Agenda 21en berri izango duzue partehartzeko aukera izateko, herriaren etorkizuna guztion ardura baita.
ZEIN KONPROMISO HARTZEN DITU UDALTALDEKO PARTEHARTZAILE BAKOITZAK?
Hitzarmenaren sinatzaileek, (Tokiko Agenda 21) udala garapen iraunkorreko printzipioen arabera kudeatzeko ekimen, programa eta estrategiak landu behar dituzte, hots, aukera izan behar da unean uneko eta tokian tokiko beharrak asetzeko, baina gureak ez diren geografia eremuen edota datozen belaunaldien garapena baldintzatu gabe.
Eusko Jaurlaritzak, IHOBEren bitartez, sustapen publikoaren estrategia praktikara eraman, udalek lan tresnetan dituzten beharrak atzeman eta ingurumenaren inguruko jarduera teknikoak koordinatuko ditu.
Foru Aldundiko Garapen Eramangarrirako Departamentuak iraunkortasunerako irizpideak bere egiten ditu jardun guztietan. Aldi berean, Tokiko Agenda 21 programak egiteko prozesuetan interesa duela adierazten du eta udalekin elkar lanean arituko da Tokiko Agenda 21ak egiten, ingurumen politikaren lan ildoetako bat horixe delako.
Azkenik, parte hartzen duten udalek uste dute ingurumen, ekonomiaren eta gizartearen alderdietako askori Tokiko Agenda 21 ereduaren bidez hel dakiekeela, eredu hori garapen iraunkorraren aldeko plan eta ekintza zehatzak aurrera eramateko ekimen publikoa baita.
NOLA LAN EGITEN DU UDALTALDE BATEK ?
Udaltalde 21 osatzeko lehenengo urratsa da eskualde bereko udalerriek etorkizunean ekonomia, gizarte eta ingurumen garapen orekatua –hau da, iraunkorra– lortu nahi duten hausnartzea. Udaltaldeko lanaren gakoak hauek izango dira:
1.-Aldian-aldian taldeko bilerak egitea Tokiko Agenda 21en funtsezko kontzeptuak barneratzeko.
2.-Udalerriekin banakako bilerak egitea sor daitezkeen zalantzak eta oztopoak gainditzeaz gain, sistema udalerri bakoitzaren errealitatera egokitzeko.
3.-Lanak banatzea eta betetzen diren kontrolatzea, jarritako helburua finkatutako epean lortzeko.
4.-Bileren arteko tartean udalei arazoak konpontzen laguntzea eta behar espezifikoei erantzutea.
5.-Udalerrien arteko lankidetza-espiritua sustatzea (dokumentazioa, ingurumen-esperientziak eta abar).