Irura UEMA mankomunitateko kide da.

Iruraren eskutu ofiziala
www.irura.net

irura.neteko ataleren menu nagusia

Historia

IRURA HISTORIAN ZEHAR

Oraindik ez da udalerrian aztarna arkeologikorik aurkitu eta horregatik ez dakigu ziur gizakia historiaurrean Iruran egon zen. Hala ere, herritik gertu daude Basaburu, Belabieta, Itxupeaka, Loa eta Moa trikuharriak eta baita ere Burdin Aroko Basagain herrixka. Aztarna hauek pentsarazten dute Irurako eremua ere historiaurreko garaietan erabilia izango zela, eta are gehiago kontuan hartzen badugu puntu estrategikoan kokatua dagoela, ibai-arana estutzen den gunean baitago eta ehiza kontrolatzeko eta ehiza-gaien mugimenduak zaintzeko oso egokia baita.

Erdi Aroan azaldu ziren Irurari buruzko lehenengo erreferentzia historikoak. Hasieran, Irura auzotar komunitate bat zen, Oria ibaiaren alboetako zelaietan nekazaritzan aritzen zena eta Loatzo mendiko berezko baliabide diren baso eta larreak ustiatzen. Garai honetako bizilagunak laguntzarik gabe moldatuz joan ziren eta arrakasta lortu zuten ibaiaren bide-aldaketetatik sortutako sakanetan landatuz, mendeetako lanaren ondoren, Oria ibaiaren eskuineko ertzean ia oraintsu arte egon diren nekazaritza-soro emankorrak bilakatu baitziren.

Orografia-ezaugarriek garbi adierazten dute zergatik finkatu zen Irurako erdigunea aranaren sakonean gelditzen zen tarte laburrean. Lehendabiziko etxeak Oria ibaiaren ibilgutik urrun kokatu ziren, Loatzo mendiraino iristen diren mendi-hegalen abiamenetan hain zuzen ere; era honetan, eremu guztia ikusten zen eta ibaiaren uholdeetatik babesten ziren, bideratu gabe baitzegoen. Gainera, eremu ordekatsuenak landaketetarako uzten ziren. Funts honetakoak dira Lumane, Katategi edo Laskibar bezalako orubeak, Erdi Aroko nekazarien eraikinak; XVI. mendearen bukaeraz geroztik, haien ordez, gaur egun baserri izenarekin ezagutzen ditugun arkitektura-eredu berriko eraikinak ditugu. Ildo honetatik, Agerre baserriak aipamen berezia merezi du, 128 metrora dagoen muino batean eraikia izanak Erdi Aroko garaietan defentsa funtziotarako erabilia izango zela pentsarazten baitu. Aipatu behar da, XIII. mendeaz geroztik Arabako lautada Kantauri Itsasoko portuekin komunikatzeko bide nagusiak haran honen sakonetik egiten zirela eta Irura ere bide horren ertzean sortu zela, Tolosa eta Amasa-Villabonaren tarteko pasoa izanik.

Mikel Goiaingeruaren Parrokiak erakusten du Irura komunitate berezitu gisa osatu izana. Erdi Aroaren hondarretatik eliza da bizitzako gertaera garrantzitsuenak ospatzeko biltoki nagusia, hala nola, jaiotza, ezkontza eta heriotza. Nolabait, parrokia da sakabanatutako populazioa elkartzen duena eta berezko nortasuna ematen diona, erlijiozko ikuspuntutik at ere.

Iruraren arrakasta berezko nortasunari eta independentziari eustean datza, Tolosa eta Amasa-Villabona bezalako udalerri garrantzitsuen artean kokatua egon arren eta eremuz hain txikia izan arren. 1385eko abuztuaren 4an Irurako biztanleak Tolosako hiribilduarekin elkartu ziren, Ahaide Nagusien eredu feudalari aurre egiteko eta hauek nekazarien komunitateei eragindako gehiegikerietatik babesteko. Hala eta guztiz ere Irurak herri-basoen jabetza administratzen jarraitu zuen eta bere udal-eremua bereizteko mugarriak jartzen. XVI, XVII eta XVIII. mendeetan Irurako auzo-alkateak urtero karguaren zina egiten zuen Tolosako alkatearen aurrean eta bi errejidorek laguntzen zuten azken honen zereginetan. 1845 urtetik aurrera, erreforma Isabeldarraren ostean, Irurak berezko alkatea izango du berriro ere.

Mendetan zehar Irurak komunikazio-bide baten ertzean zegoen nekazal komunitatetxoaren izaerari eutsi zion, baina egoera hau erabat aldatu zen XIX. mendeko industrializazioa eman zenean. Orduan, udalerriaren berezko baliabideetako bat erabiltzeari ekin zioten: Oria ibaiaren energia hidraulikoa. 1843urtean "Echezarreta, Larrion y Aristi" taldeak Ariztineko plaza izeneko gunean paper-fabrika garrantzitsu bat sortu zuen, aurretik burdinola bat eta oihal-lantegi bat egon ziren lekuan. Fabrikaren guneak berritze eta handitzeak jasan zituen, 1988 urtean itxi zen arte. Jatorrian, eraikinak burdinurtuzko zutabez egindako nabeak zituen eta baita langileentzako etxebizitza-multzo bat ere. Hauetara kanpoko biztanleak etorri ziren, lehen Iruran sekula gertatu ez zena. Industriaren gorakadak goraldi ekonomikoa erakarri zuen; etxe kopurua ere handitu egin zen parrokiaren inguruan eta herriaren gunea zeharkatzen zuen Tolosa-Donostia errepidearen alboetan.

© Irurako Udala