Irura UEMA mankomunitateko kide da.
Alkatea
Pozgarria da niretzat udal web-orri berria aurkeztea sarrera labur honen bidez. Web-orriaren bitartez, gure udala komunikazio elektronikoaren mundura zabalduko da. Informazio zuzena eta eguneratua eman nahi genioke hiritarrari, bai udalak eskaintzen dituen zerbitzuez, eta baita, oro har, herriko historia, geografia, egitura administratibo, lantegi, denda, kultur ekitaldi eta abarrei buruz. Administrazioaren eta hiritarren arteko informaziozko hartu-emana bizkortzeko tresna elektroniko berri honek zabaltzen dizkigun aukerak egoki baliatzea da, beraz, gure asmo guztia.
Internet mundu osora irekitako leihoa bada, hemendik aurrera zilegi izango da esatea Irurako Udalak ere badaukala bere talai txikia, munduko lau hegaletara zabaldua, edozein lekutatik edozein internautak erraz aurkitu eta errazago kontsultatzekoa.
Zentzu horretan, gogoan ditugu bereziki bizitzaren gorabeherek herritik kanpora eraman dituzten iruratarrak, gure diaspora txikiaren seme-alabak; hemendik aurrera, horiek ere aukera izango dute atzean utzitako herriari begirada bat emateko eta lasai asko ikusteko hainbeste urteren buruan zertan bihurtu zaien sorterria, zein itxura duten hango txoko, bazter eta inguruek, nortzuk diharduten aginte lanetan, etab.
Herrian bertan bizi diren iruratarrei dagokienez, berriz, gure asmoa hauxe da: legeria eta tresneria egokituz doazen neurrian bideak eskaintzea, Internet bidez gero eta tramite gehiago egin ahal izateko eta, era horretan, udalaren jarduna azkartzeko eta gure arteko harremana erosoago bihurtzeko.
Bestalde, gure herrian bizi ez baina gure herriari buruzko informazioaren bila dabilen jendearentzat ere zuzendua dago gure ekimen elektronikoa.
Azkenik, udal honen komunikazio borondatearen seinale, orri honetan buzoi bat jarriko dugu, alkateari ezer esan edo komentatu nahi dionak, bide zuzen bat eduki dezan bere ahotsa entzunarazteko.
Marimi Ugalde
Irurako alkatea